“Ez dakite ezer ere saskibaloiaz, baina ikasteko oso gogotsu daude” 

Leire Larreta; Saskibaloi entrenatzailea

Bera Berako saskibaloi saila ‘Zure laguntza gure bizitza’ proiektuan murgilduta dago, Haurralde fundazioarekin batera; Leire Larreta Mozambiken dago, bertako haurrei jokatzen irakasten.

Chimoio herriko haurrak saskibaloian entrenatzen ari da Leire Larreta (Erdialdea, 1989). Hegaldia ekainaren 26an hartu zuen, eta bertan hilabete eta erdi pasatzeko asmoa du. Proiektuak jarraipena izatea nahi dutenez, entrenatzaile bat ere prestatu beharko du, bera itzultzean, jokatzen jarrai dezaten. Orain arteko esperientziaren berri eman dio Irutxuloko Hitzari, Mozambiketik.

Nola izan zenuen proiektuaren berri?

Bera Berako entrenatzaileoi bilera batean aurkeztu ziguten proiektua, eta nor joango litzatekeen galdetu ziguten. Lau bat izan ginen baietz erantzun genuenak, eta azkenean, klubak ni bidaltzea erabaki zuen, nire zorionerako.

Donostiatik beste norbaitekin joan zara?

Proiektu honetatik ni bakarrik etorri naiz, eta hegaldian, Johannesburgorarte baita ere. Han, Jokinekin bildu nintzen, eta gelditzen zen bidaia elkarrekin egin genuen. Lurrak lantzeko ureztatze sistema bat egiten ari da.

Non zaude zehazki?

Chimoio herrian nago, Manica probintzian. Bertan, Haurralde Fundazioak iaz inauguratu zuen haurren aterpean; Matsatse bertako erakundeak daramana. Aterpea Nhamatsane auzoan dago.

Zertan ari zara?

Bertako umeei saskibaloian jokatzen irakasten ari naiz. Ni itzultzean, entrenatzaile postua hartuko duen norbait ere prestatu behar dut.

Helburua lortuko duzula uste duzu?

Ez dakit lortuko dudan, Mozambiken gauzak oso mantso doaz eta betebehar asko daude. Hala ere, itxaropentsu nago.

Zer moduz ari zara moldatzen?

Mozambiken ahal bezala moldatzen naiz Portugesa nahiko ongi ulertzen dut eta beraiek niri gazteleraz ere bai.

Aurretik izan al zenuen antzeko esperientziarik?

Horrelako proiektu batean parte hartzen dudan lehen aldia da; ez naiz sekula boluntario moduan ibili.

Hemendik material asko eraman behar izan duzu?

Bai, fakturatu nuen maleta, ia dena hango haurrentzako materialez betea zegoen. Batetik, baloiak, puzgailuak eta kamisetak, eta bestetik, Haurraldek bidalitako eskolarako materiala, arkatzez eta margoz betetako zorro pila bat.

Esperotakoarekin topatu zara Mozambiken?

Esperotakoa? Ba egia esan, ez dakit. Etortzerakoan ez nituen gauzak oso argi, baina antzeko ideia bat bai. Gehien harritu nauena auzoen arteko desberdintasuna da. Ni Chimoio hirian bizi naiz, eta hau oso pobrea da, baina ez dauka zerikusirik Nhamatsane auzoarekin… Hor ez dute ezer ere ez. Harritu nauen beste gauza bat, umeak izan dira, zenbat dauden! eta zein maitagarriak eta mimosoak diren!

Zer moduz hartu zaituzte bertakoek?

Nire ustez, oso ondo hartu dute nire bisita. Ilusio handia dute; nik ekarritako baloiak ikusten dituztenean, txoratu egiten dira. Bertako klub batekin nabil lanean, eta ea beraien laguntzarekin aurrera ateratzen dugun proiektua.

Zein adineko jokalariak dituzu?

Adin guztietakoak dira, zortzi urtetatik hasi eta hamaseira arte. Arazo nagusia eskolako ordutegi oso desberdinak dituztela da, batzuk 10:00etan, besteak 12:00etan, 14:00etan 16:00etan! Ordutegia finkatzea zaila izan da.

Gogotsu daude?

Ez dakite ezer ere saskibaloiaz, baina ikasteko oso gogotsu daude!

Zein izan da zure kirol ibilbidea?

Bera Beran 14 urterekin hasi nintzen, eta ordutik bertan jokatzen dut. Entrenatzaile moduan, 15 urterekin hasi nintzen; hasieran txikienak entrenatzen, gero alebinak, infantilak. Aurten, junior talde bat entrenatu dut.

Umeen argazki batzuk:

art-mozam2 art-mozam3 art-mozam4